25N: Nola jokatu behar dugu genero-indarkeriako kasu bat detektatuz gero
Osasun-esparrua funtsezkoa da indarkeria matxista goiz detektatzeko. Gure barne-protokoloa batez ere Larrialdi Zerbitzurako diseinatuta badago ere, hasierako jarduketa-jarraibideak erreferentziazko gida dira ospitaleko edozein profesionalentzat, asistentzian zehar kasu bat identifikatzen edo susmatzen badu. Hauek dira indarrean dagoen protokoloan oinarrituta jarraitu behar ditugun 6 urrats nagusiak.

1. Harrera, intimitatea eta berehalako segurtasuna
Ingurune segurua: Eraman pazientea leku erreserbatu batera (boxak edo gune anbulatorioa), intimitatea eta konfidentzialtasuna bermatzeko, eta saihestu itxarongela.
Laguntza: Bakarrik badator, saiatu egonaldi osoan zehar osasun-langileren batek (ahal dela, emakumezkoa) lagun diezaion.
Erasotzailearen aurreko babesa: Saihestu tratu txarrak ematen dituenaren presentziatik sor daitekeen edozein arrisku-egoera.
2. Entzute aktiboa eta arriskuen balorazio integrala
Jarrera profesionala: Izan entzute aktiboa, enpatikoa eta epairik gabekoa.
Balorazio klinikoa: Ebaluatu lesio fisikoak, ezarri diagnostikoa eta aplikatu beharrezko tratamendua.
Balorazio soziala eta arriskuarena: Aztertu emakumearen isolamendua, bere kargura adingabeak edo mendeko pertsonak dauden eta arrisku-maila. Premiazko arriskua badago, aktibatu berehala Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzua (SFUS: 943 224 411 / 112) eta/edo polizia-kidegoak.
3. Erregistro zorrotza Historia Klinikoan
Dokumentatu jarduketa osoa xehetasunez historia klinikoan (funtsezko tresna da asistentzia-jarraitutasunerako eta froga judizial gisa).
Aplikatu dagokion CIE-9-ES kodifikazioa, tratu txar motaren arabera (fisikoa, psikologikoa, sexuala edo zehaztu gabea) eta susmoa ala baieztapena den kontuan hartuta.
Kontuz alta-txostenarekin: Baloratu txostena eskura ematea arriskutsua izan daitekeen, erasotzaileak hura eskuratzeko aukera badu; beharrezkoa bada, eman konfiantzazko senide edo laguntzaileei.
4. Lesio-partea betetzea
Arduradun den fakultatiboak lesio-partearen eredua bete behar du eta emakumeari jakinarazi.
Zer jaso: Gertakarien kontakizuna (haren hitzak hitzez hitz, komatxo artean), lesio fisikoen deskribapen zehatza (argazkiak ateratzea gomendatzen da, aldez aurretik baimena jasota), aurretiko erasoen aurrekariak, egoera emozionala (Prochaskaren eskalan oinarrituta) eta indarkeria psikologiko, sexual, sozial edo ekonomikoaren edozein adierazpen.
Barne-izapidea: Parte judiziala egin ondoren, Zuzendaritza Medikoaren esku jarriko da, hark Guardiako Epaitegira bidal dezan; kopia bat pazienteari ere emango zaio. (Emakumea parte judiziala bidaltzearen aurka badago, une horretan ez bidaltzeak dakartzan arriskuak baloratuko dira.)
5. Asistentzia-jarraitutasuna eta deribazioa
Altaren ondorengo jarraipena bermatzeko, jakinarazi kasua Erizaintza Zuzendaritzari (Aintzane Perez Urkia, Hygehos bidez edo aperez@asuncionklinika.com helbidera mezu bat bidalita).
Lotura horretatik koordinatuko da Lehen Mailako Arretarekin eta emakumearen udalerriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin egin beharreko deribazioa.
6. Zer EZ dugu egin behar
Prozesua ez burokratizatu: Ez bete inoiz partea izapide huts gisa, benetako arrisku-egoera baloratu gabe.
Ez mugatu alderdi fisikora soilik: Indarkeria psikologikoa, sexuala edo ekonomikoa ere jaso behar da.
Ez utzi xehetasunik alde batera eta ez jarri zalantzan kontakizuna: Erregistratu pazienteak kontatzen duen guztia, «berak adierazia» dela zehaztuta; gertakariak ikertzea sistema judizialari dagokio, ez osasun-langileei.
Ez jokatu pazientearen bizkarretik: Jakinarazi beti emakumeari partea egingo dela, azaldu haren edukia eta zer prozesu abiarazten duen.
Genero-indarkeriaren edozein susmo edo detekzioren aurrean, ezinbestekoa da «Genero Indarkeriaren Protokoloa» jarraitzea, Klinikaren Dokumentu Kudeatzailean eskuragarri dagoena.
Protokolo hau Euskadiko osasun-profesionalentzako Genero Indarkeriaren eta Sexu Erasoen aurrean Jarduteko Gidan oinarritzen da, eta argi ezartzen ditu arretan, erregistroan eta jakinarazpenean jarraitu beharreko urratsak.




Comments