Urriaren 21ean, konfidentzialtasunari eta sekretu profesionalari buruzko tailerra Gipuzkoako Erizainen Elkargoan
Topaketa COEGIren Batzorde Deontologikoak antolatu du, eta Isabel Trespadernek moderatuko du. Kasu praktikoen eta bertaratutakoen parte-hartzearen bidez, erizaintzako eguneroko praktikan sor daitezkeen zalantzak eta egoerak landuko ditu. Urriaren 21ean egingo da, 16:30etik 19:00etara, Gipuzkoako Erizainen Elkargoaren egoitzan.

Zer informazio kontsulta dezakegu? Nori jakinarazi diezaiokegu? Zein egoeratan? Non daude mugak? Eta, batez ere, zer ondorio izan ditzake itxuraz arrunta den erabaki batek? Konfidentzialtasuna eta sekretu profesionala funtsezko elementuak dira erizainaren eta artatutako pertsonaren arteko konfiantza-harremanean. Hala ere, eguneroko praktikan sor daitezke egoera batzuk, non ez den beti erraza zehaztea zer informazio ezagutu, partekatu edo babestu dezakegun.
Batzorde Deontologikoak gogorarazten duenez, informazio klinikoa eskuratzeak eta kudeatzeak lege-betebeharrak ezagutzea ez ezik, zalantzak sor ditzaketen egoeren aurrean behar bezala jarduteko irizpide argiak izatea ere eskatzen du.
“Helburua araudia ezagutzetik haratago joatea da, eta deliberatzen eta erabaki arduratsuak hartzen lagunduko duen irizpide profesionala garatzea, dimentsio etikoa, deontologikoa eta juridikoa"
Horregatik, tailerrean honako gai hauek aztertuko dira: historia klinikoa eskuratzea, artatutako pertsonei buruzko informazioa jakinaraztea eta sekretu profesionalaren mugak. Horretarako, kasu eta egoera praktikoak erabiliko dira, parte-hartzaileek beren ezagutzak proban jar ditzaten eta ikuspegi desberdinak parteka ditzaten.
«Helburua araudia ezagutzetik haratago joatea da, eta deliberatzen eta erabaki arduratsuak hartzen lagunduko duen irizpide profesionala garatzea, dimentsio etikoa, deontologikoa eta juridikoa pertsonen duintasunean eta eskubideetan oinarritutako erizaintza-praktikarekin uztartuz», azpimarratu du Batzordeak.
Historia klinikoak eskuratzeari buruz azkenaldian emandako epaiek agerian uzten dute muga horiek ezagutzea zein garrantzitsua den. Eguneroko praktikari zuzenean eragin diezaiokeen gaia da, eta komeni da jarduteko irizpideak argi izatea. Hori guztia, artatutako pertsonaren intimitatea babestea betebehar bat ez ezik, zaintzeko funtsezko modu bat ere badela kontuan hartuta.




Comments