Asuncion Klinika, Emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta emateko II. Erakundearteko Protokoloaren sinatzailea
Tolosako Udalak eta udalerriko hainbat erakundek eta zerbitzuk, Asuncion Klinika horien artean dela, hilabete honen hasieran sinatu zuten emakumeen eta indarkeria matxistaren beste biktima batzuei arreta hobetzeko II. Jarduera eta Koordinaziorako Erakundearteko Protokoloa. Horrela, 2014an onartutako lehen protokoloa eguneratu eta indartu da, azken urteotako lege-aldaketetara eta gizartearen errealitate berrietara egokituz.

Protokolo berriaren helburua da indarkeria matxistaren biktimei arreta koordinatua, integrala eta kalitatezkoa bermatzea, udalerrian esku hartzen duten erakunde eta profesional guztien arteko lankidetza indartuz. Horretarako, arreta-prozedurak eguneratu dira, koordinazio-mekanismoak indartu dira, eta protokoloa etengabeko hobekuntzarako tresna gisa planteatu da.
Bigarren protokolo honek, gainera, ikuspegia zabaltzen du. Genero-indarkeriaz haratago, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak jasotzen ditu, hala nola indarkeria sexuala, indarkeria bikarioa, indarkeria digitala edo LGTBIQ+ pertsonen aurkako indarkeria, betiere ikuspegi intersekzional batetik eta biktimen eskubideak erdigunean jarriz. Halaber, kontuan hartzen ditu indarkeriaren ondorioak jasaten dituzten adingabeak eta haien ingurune hurbileko pertsonak.
Era berean, Protokoloak erakundearteko koordinaziorako mahai iraunkorra sendotzen du. Tolosako Udalaren Berdintasun Arloak zuzenduta, honako hauek hartu dute parte: Tolosako Udalaren oinarrizko gizarte-zerbitzuak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Osakidetza, Asuncion Klinika, Gipuzkoako Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzua, Lanbide, Tolosaldea Garatzen eta tokiko mugimendu feministaren ordezkariak, Tolosako Asanblada Feministaren bitartez.




Comments